2017-12-13

%100 TXINDOKI (1346mt)


Larrunarri edo Txindoki  mendia gogoko dut. Agian Euskal Herriko mendi esanguratsuen artean etxetik gertuen daukadan mendia delako. Baina ez hori bakarrik, Larraitzetik abiatu eta 900mt desnibel positibo daude tontorrera, uffaaa! 
Asteburuetan eguraldi onarekin mendi masifikatua izan daiteke, baina bakardadean lasai igotzeko aukerak badaude, besteak beste, Muitze aldeko bidetxotik igota. 
Mendebaldeko ertz zoragarriaz gain, eskaladarako zailtasun askotariko bide ederrak daude, hego paretan gehientsuenak http://aralarreneskaladak.blogspot.com.es/p/txindoki.html. Eta ez hori bakarrik, mendiko hegaldiak egiteko ere aukera paregabeak eskaintzen ditu Larrunarri-Txindokik. 
Bere forma piramidalak, hainbat norabidetan aireratzeko aukerak ematen ditu. 
Dena dela, aireratze gune erabiliena Egurral lepo gaineko malda izan ohi da.
Lurreratzeari dagokionez, ohikoena  Larraitz auzoan lurreratzea da. 
Honen inguruan, ahal bada ez lurreratu belarra luze dagoen zelaietan ezta ere ganadua dagoen barrutietan ;)

Txindokiko hainbat igoera eta hegaldietan hartutako irudiez osatutako bideoa hemen.  
Ea gustuko duzuen.

2017-10-25

Udazkeneko bainua (Ordizia)

Bazkari on bat postrerik gabe ez omen da bazkari osoa. Hegaldi honi postrea ez zitzaion falta izan.
Hego haizea indarra hartzen joan zen hegaldian zehar. Lurreratze gunea nahiko errotorizaturik zegoen eta  hori gutxi balitz, futbol partida hasi berria zen zelaian.
Horrelakoetan erabakiak arin hartu behar dira… eta B plana igerilekuaren zelaitxoan lurreratzea izan zen. Lurreratze nahiko teknikoa. Beno azkenean lurreratzea baino “urreratzea” gertatu zen.
Nolako haize baldintzak zeuden ikusirik, balekoa jokaldia.
Barkamena Majori kiroldegiari igerilekua modu honetan erabiltzeagatik ;)




2017-09-05

ANBOTO (1331mt)

Atxondo bailarako Arrazola auzotik hasten da txangoa. Oinez ekialdeko pareten azpitik igoz eta jeitsieran ipar aldera Anbotoko sakonerantz aireratuz. Paraje ederrak Atxondo bailaran topa ditzazkegunak.

Gune honetako ingurumenari dagokionez ohartxo bat.
Anbotoko I eta IE hormetan ezin da eskalatu urtarrilaren 1etk abuztuaren 31era.
Anbotoko E horman ezin da eskalatu urtarrilaren 1etk irailaren 15era.

2017-07-25

KODES: Joar (1416mt) + (La Plana 1337mt)


Kodes mendilerroa  Araba eta Nafarroaren arteko mugan dago kokatua eta hango gailurrik garaiena Joar 1416mt (Ioar, Yoar edo Yuar ere) da. Araba zein Nafarroa aldeko isuriek igoaldi eta hegaldi paregabeak egiteko aukerak eskaintzen dituzte. Ondoren aurkezten dudan txangoak bi isurialdeak zeharkatzen ditu oinez zein hegan, Kanpetzun hasi eta amaitzen da zirkulu bat osatuz. Aipatu bezala, mendilerro honek eskaintzen dituen aukerak askotarikoak dira eta txango hau adibide bat besterik ez da. Ezin aipatu gabe utzi mendilerro honetako Araba aldeko isurian  kokaturik dagoen Uxanuri–Genevillako aireratze gunea. Beste batean sakonduko dugu gune horri buruzko informazioan.
Oharra: Track-an agertzen den Kanpetzutik Joarrerako oinezko bidean adi. Zati handi bat basoan zehar aldapa malkartsu eta markatu gabean igo nuen. Abisatuta beraz ;)

2017-06-26

Ufff!! LURRERATZEA

USURBE menditik hegaldi ederrak egin daitezke baina... kontuz! ez da ahaztu behar lurreratzea inguru urbano batean egiten dela, horrek izan ditzazkeen arriskuekin (kableak, bideak, etxeak...).
 Adibide eta ohar bezala irudi hauek doazkizue. Ipar haizea espero baino indartsuago sartu zen bailaran, beherunzko haize korronte batek ere harrapatu ninduen eta ez zidan utzi lurreratze gunera iristen (Ordiziako errugbi zelai ohira). Beraz lurreratzea inprobisatu behar.
Pilotu dexente ezagutzen ditut hegaldi hau egiterakoan lurreratzea inprobisatu behar izan dutenak, beraz adi.





Hemen Usurbeko hegaldi bat behar den tokian lurreratuz :

2017-05-17

ISTORIO HARRIGARRIA!!


Australia 2007, munduko txapelketa. Ewa Winsnierska pilotu alemaniarra entrenamendu saioetan zebilela, ekaitz batek xurgatu eta 15 minututan 9.947metroetaraino igo zuen (8000 mt. desnibela 15 minututan!!). 6000 metrotatik gora zihoala, konortea erabat galdu zuen. Adituen ustez, konorte galera hori gorputzaren defentsa erreflexu bat izan zen, hibernazio moduko bat edo. Ordu bat inguru eman zuen konortea erabat galduta, txingorra, tximistak, oxigeno falta eta minus 30 gradutako tenperatura jasanez. Harrigarria bada ere, bizirik atera zen esperientzia hartatik.
Dokumentala frantsesez dago, baina merezi du: 
 

2017-05-09

MURUMENDI (868mt)

Gozamena da herritik bertatik oinez abiatu eta mendi buelta bat emanez hegan bueltatzea herrira.
Usurbe mendiak eskaintzen digu aukera hori goierritarroi, baina ez da mendi bakarra. Murumenditik probatzeko gogoa nuen, txango berean bi tontorrak kateatuz. Nahiz eta haize-termika baldintzak nahiko justukoak izan, lur-arraseko hegaldia eginez (Murumendi-Usurbe) lortu nuen zirkulua ixtea. Hemen irudiak:




2017-05-07

PUTREEKIN

Nork lurra azkena zapaldu!!
Jolas gureaz zebiltzan putreak arratsalde horretan. Batzuk lotsagabe samar ere, esango nuke nik.
Ikusia zegoen, beraiek airean segitzen zuten bitartean, ni izan nintzen lehena erortzen.
Afizionatuak gu.  Erronka onartzea ere… 



2017-04-20

AIZKORRI (II) 1523mt

Aizkorritik egindako hegaldietan, iparrera beti Zegaman lurreratu izan naiz eta hegora Urbia aldean. San Adrian inguruan lurreratu gabe nengoen eta probatzeko gogoarekin hurbildu nintzen bertara. Baldintza onak daudenean Aloña edo Krutzeberri bertatik ere Aizkorri-Aratz mendi lerro guztia zeharkatu izan dute hainbat hegalari trebeek. Egun honetan hegan egiteko baldintzak justuak ziren eta hegaldia ezin izan nuen gehiegi luzatu, baina beti bezala, gozamena da Aizkorri-Aratzen mendi txangoa eta hegaldia egitea.

2017-03-11

ERREGULAZIOAK 2017

SAI ZURIA (alimoche)

UGATZA (Quebrantahuesos)






1.NAFARROA eskalada , parapente... erregulazioa 2017
http://www.navarra.es/home_eu/Actualidad/BON/Boletines/2017/44/
 
132/2017 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Ingurune Naturalaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, kirol jarduerak arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitateko zenbait harkaiztitan.
Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 1. artikuluak dio foru lege horren xedea dela Nafarroako naturgune guztiak arautzea, horien babesa, kontserbazioa eta hobekuntza bermatzeko, eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarea eratzeko. Hamaikagarren artikuluak debekatzen du natura erreserbetan kirol antolatuak egitea etakanpatzea.

2017-01-30

LARRUNARRI / TXINDOKI (1346mt)

Urteroko legez, urte berri egunean Txindokin izan ginen. Urtea hegan hasteko aukera eman zigun egunak. To hegalditxoaren irudiak:



2017-01-29

ALTUERA ARALARKO SAN MIGELEN


Sakanan, hego haizearekin hegan egiteko aukera nagusietako bat da Aralarko San Migel. “Hegaldirik ez izerdirik gabe” esanari jarraituz, Uharte Arakil herritik abiatzen den oinezko igoera ederrak (800mt positibo San Migelera) asebeteko du  mendizale hegalaria.
Aralarko San Migelen egin ditudan hegaldietatik, altuera gehien hartu dudan eguna izan zen honako hau. Termika eta hego haize indartsuek 2500 metrotara igo ninduten. Bada 3000metroak ere gainditu izan dituenak. Hona hemen hegaldiaren iruditxo batzuk:



                                                                                           Argazkia internetetik
Garaiera hauetan gabiltzala, galdera hau egiten diot neure buruari. Ze altueratan pasatzen dira hemen ingurutik Loiun edo Hondarribian lur hartu behar duten hegazkinak??? 
Kezka hori aitzaki hartuta, aire eremuen erregulazioen inguruan sakondu nahi duenarentzako bi link uzten ditut.  Motorrik gabeko hegaldien erregulazioaren gaia ulertzea ez da  oso erraza, besteak beste, dokumentazioa nahiko sakabanaturik dagoelako.

-Vuelo_libre (Gaztelaniaz)
-Aire eremuak EARTH (fitxeroa deskargatzeko) 

San Migeleko hegaldia azteruz, ondorio hauetara iritsi naiz:

2017-01-08

AIZKORRI (I) 1523mt

Txango honetan Zegama herritik atera eta Aizkorrira igo ondoren, lehen hegaldia Urbia aldera egin nuen, Oltzan lur hartuz. Ondoren berriro Aizkorrira igo eta bigarren hegaldia Iparreruntz Zegamaraino zirkulua itxiz.